Gipuzkoako euskal pilota mundua Ertxin-en alde

2013/10/30 | Lehiaketa

Mikel Arregi Ertxin babesa eta elkartasuna adierazteko prentsaurrekoan pilota munduko jende ugari bildu zen.

Joan den ostiralean (2013-10-25) prentsaurrekoa eskaini zuten Donostiako Amara Plaza hotelean euskal pilota munduan lanean ari diren hainbat pertsonak.

Espainiako Audientzia Nazionalean hasi diren epaiketak salatu zituzten eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko presidentea den Mikel Arregi “Ertxin”-i elkartasuna adierazi zioten. Izan ere, “Herriko tabernen auzia” bezala ezagutzen dugun epaiketan auziperatutako pertsonen artean  baitago “Ertxin”.


Guztien izenean hitz egin zuen Xabier Euzkitzek eta ondoan izan zituen; Mikel Arregi "Ertxin" (Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko presidentea), Oier Mendizabal (pilotari profesionala), Arritxu Iribar (kazetaria), Reyes Azkoitia (Bergara pilota elkarteko ordezkaria) eta Patxi Jauregi (Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidentea.)


“Epaiketa hauek euskal gizartearen aniztasunari zuzen-zuzenean egiten diote eraso eta pilota ere aniztasun horren isla izanik, gu ere erasotuak sentitzen gara” adierazi zuen Euzkitzek.

Pilota munduko pertsona ugari agertu zen prentsaurrekora, elkartasuan eta babesa adieraziz.

Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioko facebook orrian bildu ditugu honen inguruan hedabideetan ateratako berriak eta prentsaurrekoan ateratako argazkiekin argazki galeria sortu dugu bertan. Interesa izanez gero, Gipuzkoa Pilota izenarekin aurki gaitzakezu facebooken.
 

 

 

 










Ir arriba