Zaharrer Segi - Zubieta finalerdia, igandean, Zubietan.

2013/10/17 | Lehiaketa

B multzoko lehenegoaren eta A multzoko bigarrenaren arteko finalerdia izango da.

Igande honetan (2013-10-20)  L. Enrique Abril Errebote Txapelketa - Kutxa Sariko finalerdia jokatuko da Zubietan. 11:00etan hasiko da jaialdia. Zaharrer Segi eta Zubieta taldeak izago dira aurrez-aurre.

Baigorriko taldea ligaxkan jokatutako bi partidak irabazita B multzoko lehen postuan sailkatu da. Zubieta taldea aldiz, A multzoko bigarren geratu da, partida bat irabazi eta bestea galdu ondotik. A multzoko sailkapena horrela geratu da, beraz: lehen postuan, Luzaz Gazte, bigarren Zubieta eta hirugarren Behar Zana.

A multzoko ligaxka bukatu bada ere; arazo batzuk medio, B multzoko partida bat oraindik jokatzeke dago:Txost- Kapito Harri arteko partida, hain zuzen. Finalerdia nork jokatu duen erabakiko da partida honetan, bigarren postuan geratzen denak jokatuko baitu finalerdia Luzaz Gazteren kontra.

Izan ere,multzo bakoitzeko lehen eta bigarren sailkatuek jokatuko dituzte finalerdiak: A multzoko lehen sailkatua B multzoko bigarren sailkatuaren aurka, eta B multzoko lehena A multzoko bigarrenaren kontra, igande honetan jokatuko dena.


Edizio berezia da, gainera, aurtengoa; izan ere, 50 urte betetzen ditu txapelketak.


Hau ospatzeko, urte hauetan txapeldun izan diren talde guztiak gonbidatu ditu Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF). Zoritxarrez, pilotarien lesioak eta lan arazoak direla medio, zenbait taldek ezin izango dute jokatu 50. edizio honetan. Baina Baigorriko Zaharrer Segi, Uztaritzeko Kapito Harri eta Donibane Lohizuneko Luzaz Gazte lehiatzeko prest dira, Gipuzkoako hiru talderekin batera: Zubieta, Villabonako Behar Zana eta Oiartzungo Txost.


Kutxak ere ez du zita berezi hau galdu nahi izan, eta bere babesa jaso du Enrique Abril Errebote Txapelketak.


Txapelketaren jarraipena egin nahi izanez gero, web gune honetako Lehiaketa eta Kartelera atalak bisita ditzakezue.


 

 

 

 










Ir arriba