Eskuz banaka lau t´erdiko eta zesta-punta banakako lehiak martxan Gipuzkoako Txapelketan

2019/04/03 | Lehiaketa

Asteburu honetan hasiko dira bi espezialitate horiek, eta ekainean izango dira ikusgai finalak

Asteburuan (2019-04-07) itzuliko da Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa. Izan ere, bi espezialitatetako txapelketak jarriko dira martxan jardunaldi honetan: alde batetik, eskuz banaka lau t'erdiko lehia; eta, bestetik, zesta-punta banakakoa.

 

 

 

 

Eskuz banaka lau t'erdiko lehiari dagokionean, kadeteek, jubenilek eta nagusiek hartuko dute parte. Kadetetan 103 pilotarik eman du izena (60 1. mailan eta 43 2. mailan), jubeniletan 61 (48 1. mailan eta 13 2. mailan), eta nagusietan 90 pilotarik (maila bakarrean).

 

 

Asteburuan ekingo diote lehiari guztiek eta, lehenik, itzuli bateko ligaxka jokatuko dute, maiatzaren 12ko jardunaldira arte.

 

 

Bigarren fasean murgilduko dira ondoren: multzo bakoitzeko 1. eta 2. sailkatuek Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute, eta 3. postutik 6.era sailkatutakoak eskualdeetako txapelketetan lehiatuko dira (jubenilen 2. mailakoen kasuan, aldiz, Gipuzkoako Txapelketa izango da soilik, eta 1. eta 2. postuan sailkatutakoek jokatuko dute).

 

 

Ekainaren 9ko eta ekainaren 16ko jardunaldietan jokatuko dituzte finalerdiak. Eta finalak beste bi asteburutan izango dira ikusgai: ekainaren 16koan eta 23koan.

 

 

Kategoria eta maila bakoitzeko data zehatzak eta oro har txapelketaren informazio guztia webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Gipuzkoa Ezker Horma-Eskuz banaka 4T atalean dago ikusgai.

 

 

 

 

Bestalde, zesta-punta banakako lehiari dagokionean, hiru kategoriatan ariko dira pilotariak: kadeteak, jubenilak eta nagusiak. 15 puntistak eman du izena kadetetan, 12 jubeniletan eta 10 nagusietan (6 1. mailan eta 4 2. mailan).

 

 

Asteburu honetan hasita, itzuli bateko ligaxka jokatuko dute guztiek, maiatzaren 19ko eta 26ko jardunaldiak arte.

 

 

Ekainaren 2ko astebururako daude aurreikusita finalerdiak maila denetan. Eta final guztiak ekainaren 9ko jardunaldian jokatuko dira.

 

 

Webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Gipuzkoa ezker horma-Zesta punta banaka atalean kontsulta daitezke txapelketaren inguruko xehetasunak.

 

 

 










Ir arriba