Trinketeko Kutxa Sariko txapelak, Zamora-Housset bikotearentzat

2012/07/16 | Lehiaketa

30-22 irabazi zieten Mendizabal anoetarrari eta Serreri; sailkapeneko 3. eta 4. posturako lehian, Etchelecu-Elguezabal nagusitu ziren, 30-25, Halsouet eta Arozena lizartzarren aurka

Haizea Zamorak eta Maritxu Houssetek irabazi dute 2011-12ko Emakumeen Paleta Argentinarreko Kutxa Sari Nagusia. 30-22 irabazi zieten Maider Mendizabal anoetarrak eta Amaya Serrek osatutako bikoteari, Irungo Ramuntxo Berrin San Joan egunez jokatutako jaialdian. 1. partidan, 3. eta 4. posturako lehiatu ziren Amaia Etchelecu-Maika Elguezabal eta Sylvie Halsouet-Nagore Arozena lizartzarra; lehenek irabazi zuten, 30-25. Hona hemen jaldia:

 


*Ekainak 24, igandea, 11:30, Irun-Ramuntxo Berri trinketa

1. 3.-4. postua: Amaia ETCHELECU-Maika ELGUEZABAL 30 / Sylvie HALSOUET-Nagore AROZENA 25

2. Finala: Haizea ZAMORA-Maritxu HOUSSET 30 / Maider MENDIZABAL-Amaya SERRE 22

 

 

Lehenengo partida borrokatua izan zen, baina amaieran Amaia Etchelecuk eta Maika Elguezabalek aurrea hartzea lortu zuten, 3. postua bereganatuz.

 

Finalak, berriz, hiru zati izan zituen. Lehenengo zatian indartsu jokatu zuten Maider Mendizabal anoetarrak eta Amaya Serrek, eta aurkarien erritmo falta aprobetxatuz tanto batzuen aldea lortu zuten; baina behin 7na berdindu ondoren berdinketak nagusitu ziren behin eta berriro markagailuan. Ordura arte tanto polit eta gogorrak ikusteko aukera izan zen. Baina 18na berdindu ondoren Serre nekatu egin zen, Mendizabalek ezin izan zion lagundu eta sortu zitzaizkion aukerak ez zituen aprobetxatu. Haizea Zamorak eta Maritxu Houssetek, berriz, ordura arteko erritmoarekin jarraitu zuten, tantoak ondo landuz eta aukera zutenean bikain amaituz (aipatzekoak dira Zamorak aurrean, fraile altu baten ondoren Mendizabali egindako sekulako bi tantoak). Partidako azken txanpa azkarra izan zen, eta Mendizabal-Serre bikoteak akats ugari egin zituen. Zamora- Housset, txapelketan gaizki hasi ziren arren, pixkanaka euren jokoa hobetzen joan dira, eta azkenean finala irabazi eta txapelak janztea lortu dute.  

 

 

Informazio gehiago web gune honetako Lehiaketa atalean, eta www.blogak.com/emakumeapilotari gunean. Argazki galeriak txokoan ere txapelketaren hainbat irudi daude ikusgai.

 

 

 










Ir arriba