Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketaren finalaren jarraipena, ostegunean, Oiartzunen

2018/10/30 | Lehiaketa

Gipuzkoa 1 eta Bizkaia izango dira aurrez aurre; urriaren 6an, Gipuzkoa 1 taldea 0-1 aurretik zela, bertan behera utzi behar izan zuten lehia, euriagatik; edizio guztietako finalak jokatu ditu Gipuzkoak, baina oraindik ez du txapelik jantzi eta hirugarren aukera baliatu nahi du horretarako

Ostegunean, azaroak 1, helduko diote berriro Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketaren finalari Gipuzkoak eta Bizkaiak. Joan den urriaren 6an, Gipuzkoa 1 taldea 0-1 aurretik zela, eta 20 minutuz jokatuta, bertan behera utzi behar izan zuten lehia, euriagatik. Oraingoan eguraldiak laguntzen badu behintzat, 11:00etan abiatuko da finalaren jarraipena, Oiartzungo Beheko Plazan (gipuzkoarrak hasiko dira sakatzen).

 

 

Azaroak 1, osteguna, 11:00, Oiartzun-Beheko Plaza


BIZKAIA vs GIPUZKOA 1

 

 

 

Txapelketaren edizio guztietan iritsi da Gipuzkoa finalera, baina oraindik ez du txapelik janzterik lortu: lehendabizikoan Gipuzkoa 2k Lapurdi 1en aurka galdu zuen, eta bigarrengoan Gipuzkoa 2k Bizkaiaren kontra. Ea hirugarrengoan.

 

 

 

Ondorengo pilotariek osatzen dute Gipuzkoa 1 taldea: Unai Alvarez, Beñat Arzelus, Julen Chiapuso, Iñaki Esnal, Julen Iribar, Iban Jauregi, Ekaitz Lasa eta Andoni Zabala.

 

 

 

Guztira, 8 taldek jokatu dute Bote Luzeko Euskal Herriko III. Txapelketa, bi multzotan banatuta: Bizkaia, Gipuzkoa 1, Iparralde 2 (Sara) eta Iparralde 3 (Itxasu) A multzoan, eta Gipuzkoa 2, Iparralde 1 (Senpere), Iparralde 4 (Donapaleu) eta Nafarroa B multzoan.

 

 

 

Oiartzungo Txost pilota klubak hartu du hirugarren edizioa antolatzeko ardura, joko zuzenak berreskuratzeko eta bultzatzeko lanean buru-belarri dabilen kluba.

 

 

 

Bote Luzea Euskal Herriko eta Europako pilota-joko modalitate bat da, joko zuzenen arteko zaharrena, eta ondoren sortu direnen oinarria eta funtsa. Euskal Herrian galdua bazegoen ere, azken urte hauetan berreskuratze prozesu batean sarturik dago.

Bi taldeak aurrez aurre jartzen dira eta ez da pilota hormaren kontra joz jokatzen. Talde bakoitza zortzi pilotariz osatua dago; bost kantxaratzen dira eta aldaketak egitea onartua dago. 60 metro inguru luzerako eremutan aritzen dira pilotariak, normalean estalirik gabeko plazetan, eta helburua aurkariari eremua irabaztea da. 

 

 

 










Ir arriba