Gipuzkoak Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketaren finala jokatuko du, hirugarrenez

2018/10/03 | Lehiaketa

Gipuzkoa 1 taldeak iazko aurkari berari, Bizkaiari, irabazi eta bere lehen txapela janzteko aukera dauka; larunbatean izango da finala, 17:30ean, Oiartzunen; ekitaldi ugari antolatu ditu egun horretarako bertako Txost pilota klubak

Gipuzkoak Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketaren finala jokatuko du, hirugarrenez. Aurrean iazko aurkari bera izango du, gainera: Bizkaia. Iazko arantza atera eta beraien lehendabiziko txapela jantzi nahi dute gipuzkoarrek. Bi selekzioen arteko lehia larunbatean izango da, 17:30ean, Oiartzunen:

 

 

Urriak 6, larunbata, 17:30, Oiartzun-Beheko Plaza


BIZKAIA vs GIPUZKOA 1

 

 

 

Txapelketaren edizio guztietako finalak jokatu ditu Gipuzkoak: lehendabizikoan Gipuzkoa 2 Lapurdiren 1en aurka, bigarrengoan Gipuzkoa 2 Bizkaiaren kontra eta oraingoan Gipuzkoa 1ek berriz ere Bizkaia izango du aurkari. Baina oraindik ez du txapela janzterik lortu. Ea hirugarrengoan.

 

 

 

Ondorengo pilotariek osatzen dute Gipuzkoa 1 taldea: Unai Alvarez, Beñat Arzelus, Julen Chiapuso, Iñaki Esnal, Julen Iribar, Iban Jauregi, Ekaitz Lasa eta Andoni Zabala.

 

 

 

Baina bote luzeko finala ez da izango pilota hitzordu bakarra larunbatean, Oiartzunen. Izan ere, bertako Txost pilota klubak, aurtengo txapelketaren antolatzaileak, hainbat ekintza prestatu ditu. Euskal Herrian joko zuzenak berreskuratzeko eta bultzatzeko lanean buru-belarri ari dira oiartzuarrak.

 

 

 

Finala amaitutakoan (18:45 alderako aurreikusten dute sari-banaketa), 19:00etan hain justu, Iñarra eta Salaberria buruz buru ariko dira Kontzejupean.

Eta bukatzeko, 20:00etan, udaletxeko pleno aretoan, Antton Kazabon, Anton Mendizabal, Joxemari Mitxelena eta Joxan Unsain egileen 'Pilota Oiartzunen' liburua aurkeztuko dute. Era berean, Mikel Mendizabalek egindako 'Pilotasorotik Madalensorora' bideoaren proiekzioa ere izango da.

 

 

 










Ir arriba