Zubieta eta Luzean taldeak aurrez aurre, beste behin, Enrique Abril Errebote Txapelketaren finalean

2018/09/25 | Lehiaketa

Igande honetan jokatuko dute norgehiagoka, 11:00etan, Zubietako plazan

Aurten ere Zubieta eta Luzean izango dira aurrez aurre Enrique Abril Errebote Txapelketaren finalean. Igande honetan izango da hitzordua (2018-09-30), 11:00etan hasita, Zubietako plazan: 


 

Irailak 30, igandea, 11:00, Zubieta-plaza

ZUBIETA vs LUZEAN

 

 

 

Euskal Herriko lau talde lehiatu dira edizio honetan: Gipuzkoako Behar Zana (Villabona), Txost (Oiartzun) eta Zubieta (Zubieta); eta Lapurdiko Luzean (Donibane Lohizune). Zubietak lehenengo postuan bukatu du ligaxka, eta Luzean izan da bigarren, biek finalerako txartela lortuz, hala. Hauxe lehendabiziko faseko sailkapena:

 

  1. Zubieta, 6 puntu
  2. Luzean, 5 puntu
  3. Txost, 4 puntu
  4. Behar Zana, 3 puntu

 

 

 

Azken hiru urtetako final bera izango da aurtengoa; 2013an ere aurrez aurre izan ziren Luzean eta Zubieta taldeak finalean. Guztietan Luzeanekoek jantzi dute txapela: 2013-14 denboraldian eta 2015-16an 13-5 irabazi zuten lapurtarrek, 2016-17an 13-4 eta iaz 13-7. Denboran atzerago eginda ere neurtu dituzte indarrak donibandarrek eta zubietarrek: 1989an, Zubietakoak izan ziren txapeldun; Yoko Garbi 13-8 gailendu zitzaion Luzeani.

 

 

 

Enrique Abril Errebote Txapelketaren 27 final jokatu ditu Luzeanek (aurtengoarekin, 28.a; 2012tik honako final guztietara sailkatu da), eta berak ditu txapel gehien: 17 (beste 10 aldiz izan da txapeldunorde).

Atzetik ditu Aviron Bayonnais, 14 txapelekin (6 aldiz azpitxapeldun); Kapito Harri, 11rekin (7 aldiz txapeldunorde); Behar Zana eta Noizbat, 4rekin (8 eta 7 aldiz azpitxapeldun, hurrenez hurren); Endaiarrak 2rekin (behin txapeldunorde); eta Zaharrer Segi eta Yoko Garbi, banarekin (lehenak beste behin izan dira azpitxapeldun eta bigarrenak 6 aldiz). 

Zubieta taldeak 5 final jokatu ditu (aurtengoarekin 6.a), baina oraindik ez du txapelik jantzi. Igandean dute horretarako beste aukera bat.

 

 

 

Lehiaketa-Federatua-Enrique Abril atalean kontsulta daiteke txapelketaren inguruko informazio guztia.

 

 

 










Ir arriba