Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sariko finalak, igandean, Tolosan

2012/03/01 | Lehiaketa

Lehen partidan, Promozio Sariko finala jokatuko dute Andueza-Ugalde eta Garmendia-Senper bikoteek; Muneta-Bordagaray eta Housset-Serre lehiatuko dira ondoren, Kutxa Sari Nagusiko txapelen bila; 11:00etan hasiko da jaialdia

Igandean (2010-03-04) jokatuko dira, Tolosako Beotibar pilotalekuan, Ezker Hormako Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sariaren finalak. 11:00etan hasiko da jaialdia, eta bi partida izango dira ikusgai: lehenik, Promozio Saria jokatuko da; eta, ondoren, Kutxa Sariko final handia. Ondoren zehazten dugu jaialdia:

 

*Martxoak 4, igandea, 11:00etan, Tolosa-Beotibar
 

1. Promozio Sariko finala: ANDUEZA-UGALDE  /  GARMENDIA-SENPER

2. Kutxa Sariko finala: MUNETA-BORDAGARAY  /  HOUSSET-SERRE

 

 

Aurten lehen aldiz antolatu den etorkizuneko pilotarien txapelketako finala izango da jaialdiko lehen norgehiagoka. Euskal Herri mailan nabarmenduriko sei pilotari gaztek, hiru bikotek, hartu dute parte txapelketa honetan, eta multzoko lehen bi postuetan sailkatu direnek zuzenean finalerako txartela eskuratu dute.

Ligaxkan elkarren aurka neurtu zirenean Andueza-Ugalde bikotea 30-21 nagusitu zen, orain hiru aste, Zarautzen. Gorriek partidari eutsi eta bikote urdinak gehiago huts egin zuen orduko hartan. Lehenak bitik bi garaipenekin heldu dira azken geltokira. Garmendia-Senper, berriz, garaipen bat eta porrot bat erdietsita. Hala ere, ez da ahaztu behar hutsetik ekingo diotela finalari eta, aurrekariak aurrekari, igandean gaina hartzea lortzen dutenek etxeratuko dituztela Promozio Sariko lehen txapelak. Beraz, ez dago bikote bat bestearen gainetik jartzerik, final batean urduritasunak ere parte har baitezake. Laurentzat da halako zita batean lehen parte-hartzea.

Andueza nafarra da eta beste hirurak gipuzkoarrak.

 

 

Kutxa Sari Nagusiko finalean, bestalde, Iparraldeko pilotariak izango dira protagonista, lautik bi baxenafarrak baitira (Bordagaray eta Serre) eta hirugarrena (Housset) lapurtarra. Muneta, aldiz, nafarra da.

Finalerdi gogor, lehiatu eta estuetan nagusitu ostean lortu dute finalerako txartela bi bikoteek ere, ordubeteko norgehiagoketan garaile aterata.

Partida honek ez du aurrekaririk, baina lehiatua eta erritmo bizikoa izatea espero da. Bi atzelariak kolpe bizikoak dira, eta aurrelarien artean Munetaren joa eta Housseten pilota ezkerreratzeko ahala nabarmendu daitezke. Ez da erraza bikote baten aldeko hautua egitea, Muneta eta Bordagaray hasieratik sendo aritu direlako eta Houssetek eta Serrek jardunaldiek aurrera egin ahala gora egin dutelako, finalerdian ere bigarren zatian partida irauliz. Gogoratu Urretxun 24-15 galtzen joan ostean 30 eta 27 irabaztea lortu zutela.

 

 

Aurten ere txapeldun berriak izango ditu goi-mailako lehiaketa honek. Hala ere, finalistetako bik elkarrekin eskuratu zuten orain bi edizioko txapela. Hemen orain arteko palmaresa:
 

1. edizioa (2008): Elguezabal-Mendizabal

2. edizioa (2009): Elguezabal-Arozena

3. edizioa (2010): Muneta-Serre

4. edizioa (2011): Etchelecu-Montes

 

 

Aurreko edizioetan jendetza bildu izan da partida hauek ikustera. Ikuskizun bikaina izaten da, eta aurten ere hala izatea espero da. Gonbita luzatuta dago edonorentzat.

 

 

Informazio gehiago www.blogak.com/emakumeapilotari atarian eta webgune honetako Lehiaketa eta Kartelera ataletan. Argazki galeriak atalean, bestalde, hainbat irudi daude ikusgai.

 

 

 










Ir arriba