Ezker Hormako Emakumea Pilotari Txapelketako finalak, ostiralean, Hernanin

2011/12/22 | Lehiaketa

Ezker Hormako Gipuzkoako Elkarteen Arteko Txapelketaren gomazko paleta neska jubenilen finala ere izango da ikusgai, jaialdi berean

Ostiralean, abenduak 23, jokatuko dira, Hernanin, Ezker Hormako Emakumea Pilotari Txapelketa-Kutxa Sariko finalak. Jaialdi berean, eta Ezker Hormako Gipuzkoako Elkarteen Arteko Txapelketaren baitan, gomazko paleta neska jubenilen finala ere izango da ikusgai. 19:00etan hasiko da hitzordua, ondoren zehazten den moduan:



*Abenduak 23, ostirala, 19:00, Hernani
 

1. Gomazko paleta neskak, jubenilak (Gipuzkoako Txapelketa): HERNANI 1 (Goikoetxea-Arrieta) / HERNANI 2 (Pagola-Huizi)

2. Gomazko paleta neskak, nagusien 1. maila (Emakumea Pilotari Txapelketa): REDONDO-AROZENA / ETXEGIA-Maider MENDIZABAL

3. Gomazko paleta neskak, nagusien 2. maila (Emakumea Pilotari Txapelketa): TIJERO-BELDARRAIN / ARRIOLA-UGALDE 

 

 

Jubenilen partidari dagokionez, Hernani 1 taldeak (Goikoetxea-Arrieta) ez zuen norgehiagokarik galdu ligaxkan, eta Hernani 2k (Pagola-Huizi), aldiz, bakarra (Hernani 1en aurka).  Hala, lehenek finalerako zuzeneko txartela lortu zuten, eta bigarrenek finalerdietan lehiatu behar izan zuten; Su-Berri 2 taldeari (Gabirondo-Maiza) irabazi zioten, 30-7. Beraz, partida orekatua eta gogor samarra izatea aurreikusten da.

 

 

Emakumea Pilotariko 1.mailako finalean ere parekotasuna eta lehia estua espero dira. Bi atzelari bikain izango dira aurrez aurre: Maider Mendizabal anoetarra eta Nagore Arozena lizartzarra. Trinketeko Munduko eta Munduko Kopako txapeldun izanak dira biak, baita elkarrekin bikotea osatuz ere, eta ondoen eusten dionak partidua bere alde desoreka dezake. Aurrean, berriz, Mirari Etxegia goizuetarra eta Maite Redondo oriotarra izango dituzte lagun, hurrenez hurren. Beteranoak dira biak ala biak, ofizioa ongi ikasitakoak; beraz, kideari ongien laguntzen dionak ere lagun dezake balantza beraien alde makurtzen. Ligaxkan Urretxun jokatu zuten elkarren aurka, eta 30-24 nagusitu zen Redondo-Arozenak osaturiko bikoa. Mendizabalek eta Arozenak elkarren aurka jokaturiko hiru finaletan lehenak etxeratu du orain arte beti txapela. Aldatuko ote da hori?

 

 

2.mailako finalean, bestalde, hernaniarrek bi ordezkari izango dituzte: Garbiñe Tijero eta Irati Ugalde. Lehena irakaslea eta bigarrena ikasle on gisa deskriba genitzake, eskola berekoak baitira. Lagun, berriz, kostaldeko bi: Naroa Beldarrain oriotarra eta Zumaiako Esti Arriola. Tijero da maila honetan finalen bat jokaturiko bakarra, beraz, ikusi egin beharko da besteek nola egiten dioten aurre urduritasunari. Ligaxkan 30-21 irabazi zuten Tijero-Beldarrainek. Ordutik, ordea, aste asko pasa dira eta gora egin du bikote urdinak ere. Beraz, ikusi egin beharko da zer gertatzen den.

 

 

Informazio gehiago webgune honetako Lehiaketa atalean, eta www.blogak.com/emakumeapilotari gunean.

 

 

 










Ir arriba