Asteburuan hasiko da 2010-11 denboraldia

2010/09/03 | Lehiaketa

Enrique Abril Errebote Txapelketak emango dio hasiera sasoi berriari

Igande honetan jarriko da martxan XLVII. Enrique Abril Errebote Txapelketa-Kutxa Saria. Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) antolatutako hitzordu honekin hasiko da, gainera, 2010-11 denboraldia, hauxe izango baita txapelketa ofizialetan lehendabizikoa. Erreboteko espezialitatean jokatzen da, nagusien kategorian.

 

Edizio honetan Euskal Herriko sei taldek hartuko dute parte. Horietatik hiru dira Gipuzkoakoak: Behar Zana (Villabona), Txost (Oiartzun) eta Zubieta (Zubieta); beste bi Lapurdikoak: Kapito Harri (Uztaritze) eta Luzaz Gazte (Donibane Lohizune); eta bat Nafarroa Beherekoa: Zaharrer Segi (Baigorri).

Talde hauek multzo berean ariko dira, eta txapelketa bi fasetan banatuko da.

Lehendabizikoan itzuli bateko ligaxka jokatuko dute taldeek, abuztuaren 29an hasi eta urriaren 10a bitartean.

 Ligaxkan lehen postuan sailkatutako taldea finalera igaroko da zuzenean, eta bigarren eta hirugarren postukoek elkarren aurka jokatuko duten finalerdietako irabazlea izango du aurkari. Urriaren 17an izango da aipatutako finalerdi hau. Finala, azkenik, urriaren 24an jokatuko da, Villabonan.

 

Villabonako, Oiartzungo eta Zubietako plazek hartuko dituzte, aurten ere, txapelketa honetako partidak.

Azkeneko denboralditan bezala, Kutxak babestuko du XLVII. Enrique Abril Errebote Txapelketa.

 

 

 










Ir arriba