Enrique Abril Errebote Txapelketako finala, azaroaren 6an, Oiartzunen

2011/10/20 | Lehiaketa

Pilota Zuzenean! joko zuzenen astea antolatu du bertako Txost elkarteak

Eguraldi txarragatik nahi baino gehiago luzatu den arren, dagoeneko amaitzear da XLVIII. Enrique Abril Errebote Txapelketa. Azaroaren 6an jokatuko da finala, 11:00etan, Oiartzungo plazan. Kapito Harri (Uztaritze) eta Luzaz Gazte (Donibane Lohizune) izango dira aurrez aurre. Kapito Harrik finalerako zuzeneko txartela lortu zuen, ligaxkako partida guztiak irabazi eta lehen postuan sailkatu baitzen. Luzaz Gazte, bestalde, finalerdian Zubietari irabazi eta gero iritsi da finalera.

 
 

Txost Oiartzungo pilota elkarteak Pilota Zuzenean! joko zuzenen astea antolatu du, eta bote luzea, pasaka, laxoa eta errebotea izango ditu ardatz, besteak beste. Egitarauko beste hainbat ekitaldiren artean izango da ere Enrique Abrileko finala.

 
 

Egitarau zabala izango da aukeran. Ostiralean, azaroak 4, hitzaldia antolatu dute Oiartzungo Kultur Etxean, 19:30ean, Joko Zuzenak Oiartzualdean izenburupean, Jose Mari Mitxelenak eskainia. Larunbatean, azaroak 5, Gipuzkoaren eta Lapurdiren arteko bote luzeko lehia izango da, 11:00etan, plazan; 12:30ean, kontzejupean, Txost eta Laxoa elkartea ariko dira, pasaka; eta 16:00etan, beheko plazan, Baztan eta Malerreka arteko laxoa lehia ikusteko aukera izango da. Igandean, berriz, 09:00etan, beheko plazan, Erreboteko Urtxalle Saria jokatuko dute Txostek eta Behar Zanak; eta 11:00etan Enrique Abrileko finala Kapito Harrik eta Luzaz Gaztek. Gainera, azaroaren 1etik aurrera erakusketa bat ere izango da ikusgai, Fermiñeneko erakusleihoetan.

 


Eguraldi txarra iragarrita balego, baina, bertan behera geldituko lirateke bai finala bai jaialdia, eta 2012ko udaberrira atzeratuko lirateke. Azken erabakia azaroaren 2an hartuko da, iragarpenak aztertu eta gero, eta berehala emango da jakitera

 
 

Bitartean, webgune honetako Lehiaketa atalean kontsulta daitezke Enrique Abril Errebote Txapelketak orain arte utzitakoak. Argazki galeriak atalean ere hainbat argazki daude ikusgai.

 

 

 










Ir arriba