Jokoan da Gipuzkoako Errendimenduko Txapelketa

2011/10/19 | Lehiaketa

2. urteko alebinek eta 1. eta 2. urteko infantilek hartzen dute parte, eskuz banaka; finalak abenduaren 23an izango dira

Martxan da 2011-12ko Gipuzkoako Errendimenduko Txapelketa. 2. urteko alebinek eta 1. eta 2. urteko infantilek hartzen dute parte lehia honetan, eskuz banakako espezialitatean.

 

 

Errendimenduan Hasteko Ibilbidean hiru dira txapelketak, guztiak ere 2. urteko alebinentzat eta 1. eta 2. urteko infantilentzat; eta hauxe da lehendabizikoa, urrian hasi eta abendura arte luzatuko dena. Gero etorriko da Gipuzkoako Errendimenduko Txapelketa, eskuz binaka, urtarriletik apirilera bitartean. Eta, azkenik, Udaberriko Errendimenduko Txapelketa, hau ere eskuz binaka, apiriletik ekainera.

 

 

58 talde ariko dira 2. urteko alebinen mailan (iaz 70 izan ziren), 63 talde infantilen 1. mailan (iaz 60), eta 60 talde infantilen 2. mailan (iaz 54); denera, beraz, 181 talde lehiatuko dira (iaz baino 3 gutxiago, 184 baitziren 2010-11ko edizioan).

 

 

Lehendabiziko fase bat jokatuko dute aurrena, bakoitza bere mailan eta multzoka banatuta, denek denen kontra, azaroaren 13a bitartean. Ondoren, bigarren fasean, azaroaren 27tik aurrera, hobekien sailkatutakoek Gipuzkoako lehia jokatuko dute, eta gainontzekoek, bi multzotan banatuta, eskualdeetako lehiak (Ekialdekoa eta Mendebaldekoa), abendura arte. Finalak abenduaren 23rako aurreikusten dira.

 

 

Partidak etxean eta kanpoan sistema erabiliz jokatuko dira. Finalak, berriz, egoitza zehatzetan izango dira.

 

 

Jardunaldiz jardunaldiko jaialdiak kontsultatu nahi izanez gero, webgune honetako Kartelera atalera jo dezakezue, eta txapelketaren jarraipen zehatza egin Lehiaketa atalean. Aurreko denboraldiko datuak eta argazkiak ere ikusgai daude, hurrenez hurren, Historikoak eta Argazki galeria ataletan.

 

 

 










Ir arriba