Hasi da 2011-12 denboraldia

2011/08/26 | Lehiaketa

Enrique Abril Errebote Txapelketak eman dio hasiera txapelketa ofizialen bolada berriari

Hasi da 2011-12 denboraldia. Udako atsedenaldiaren ondoren, Enrique Abril Errebote Txapelketak eman dio hasiera txapelketa ofizialen bolada berriari.

 

Igande honetan bertan (2011-08-28) jarriko da martxan XLVIII. Enrique Abril Errebote Txapelketa-Kutxa Saria. Erreboteko espezialitatean jokatzen da, nagusien kategorian.

 

Edizio honetan Euskal Herriko bost taldek hartuko dute parte. Horietatik hiru dira Gipuzkoakoak: Behar Zana (Villabona), Txost (Oiartzun) eta Zubieta (Zubieta); eta gainontzeko biak Lapurdikoak: Kapito Harri (Uztaritze) eta Luzaz Gazte (Donibane Lohizune).

 

Talde hauek multzo berean ariko dira, eta txapelketa bi fasetan banatuko da.

 

Lehendabizikoan itzuli bateko ligaxka jokatuko dute taldeek, abuztuaren 28an hasi eta irailaren 25a bitartean.

 

Ligaxkan lehen postuan sailkatutako taldea finalera igaroko da zuzenean, eta bigarren eta hirugarren postukoek elkarren aurka jokatuko duten finalerdietako irabazlea izango du aurkari. Urriaren 2an izango da aipatutako finalerdi hau. Finala, azkenik, urriaren 9an jokatuko da, Oiartzunen.

 

Villabonako, Oiartzungo eta Zubietako plazek hartuko dituzte, aurten ere, txapelketa honetako partidak.

 

Azkeneko denboralditan bezala, Kutxak babestuko du XLVIII. Enrique Abril Errebote Txapelketa. 

 

Webgune honetako Lehiaketa atalean kontsulta daitezke lehiaketa sistema eta egutegia, eta baita emaitzak eta karteldegia ere, astero-astero. Galeria atalean ere hainbat argazki daude ikusgai.

 

 

 










Ir arriba