Etchelecu-Arozenarentzat Trinketeko Kutxa Sari Nagusia 2011

2011/06/30 | Lehiaketa

Amaia Etchelecuk eta Nagore Arozenak irabazi dute Emakumeen Paleta Argentinarreko Kutxa Sari Nagusia. San Joan egunaren biharamunean, ekainaren 25ean, jokatu ziren, Irungo Ramuntxo Berri trinketean, txapelketaren azken partidak. Jaialdia 3.-4. postuak zehazteko partidarekin hasi zen eta final nagusia izan zen ondoren: 

 


*Ekainak 25, larunbata, 11:30, Irun-Ramuntxo Berri trinketa
 

1. 3.-4. postua: Maider MENDIZABAL-Maika ELGUEZABAL  30 / Haizea ZAMORA-Magalie COMET  22

2. Finala: Amaia ETCHELECU-Nagore Arozena  30 / Stephanie LEIZA-Maite RUIZ DE LARRAMENDI 22

 

 

Patuaren gutizia izan dela edo zoriak parte hartu zuela pentsa lezake bakarren batek, hain justu ere, bi bikote gorriek eta emaitza berarekin lortu zutelako garaipena. Baina euren lanari eta izerdiari esker lortu zuten 30. tantora heltzea.



Mendizabal-Elguezabal bikoak 3. postuaren bilako neurketan nagusitasuna erakutsi arren partidaren erdialdera heltzerako (15-9), huts batzuk eta aurkarien erreakzioak 18nako berdinketa jarri zuten markagailuan, eta urduritasuna gehitu egin zen. Amaieran, baina, berriz ere aurrea hartu eta 30-22 garaitu zituzten Zamora eta Comet.



Finala ere nahiko hasieratik hasi zen kolore gorria hartzen, 3nako eta 5nako berdinketetatik aurrera (10-6, 22-15 eta 25-22). Amaia Etchelecuk joko-maila bikaina erakutsi zuen eta Nagore Arozenak ere ederki babestu zion bizkarra partida osoan zehar, txapelketako joerari eutsiz. Bikote urdinak, aldiz, ez zuen bere egunik onena izan, Ruiz de Larramendik ohi baino gehiago sufritu zuen eta gorriek euren mendean hartuta izan zituzten, urdinak euren erritmoa jarraitzera behartuz. Amaieran, beraz, Etchelecu-Arozena txapeldun eta Leiza-Ruiz de Larramendi txapeldunorde. 
 


Honenbestez, beraz, amaitu da txapelketa ofizialen garaia. Orain udan festaren batzuetan, batean eta bestean, erakustaldi partidak jokatuko dituzte han hemenka, beste lasaitasun eta patxada batekin, ikuskizuna ematea helburu.

 

Informazio gehiago: www.blogak.com/emakumeapilotari.

 

 

 










Ir arriba