Emakumeen Paleta Argentinarreko Kutxa Sariaren finala, larunbatean

2011/06/23 | Lehiaketa

Irungo Ramuntxo Berri trinketean izango da jaialdia, 11:30ean; lehenik, 3. eta 4. postuetarako lehia izango da, eta ondoren finala

Ekainaren 25ean, larunbata, jokatuko da Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sari Nagusiaren finala. 11:30ean hasiko da jaialdia, Irungo Ramuntxo Berri trinketean. Lehenik, 3. eta 4. postuak erabakitzeko lehia izango da ikusgai, eta ondoren goi mailako txapelketa honen finala jokatuko da. Honakoa izango da jaialdia:


*Ekainak 25, larunbata, 11:30, Irun-Ramuntxo Berri trinketa

1. 3.-4. postua: Maider MENDIZABAL-Maika ELGUEZABAL / Haizea ZAMORA-Magalie COMET
2. Finala: Amaia ETCHELECU-Nagore Arozena / Stephanie LEIZA-Maite RUIZ DE LARRAMENDI

 

Finalerdietan galdu eta finalaren ateetan geratuta kantxaratuko dira lehen partidako bi bikoteak, ziurrenik arantza hori ateratzeko asmoz. Ikuskizuna eta lehia parekatua izatea aurreikusten da, nahiz eta balitekeen urduritasuna eta irabazi nahia ondoen kudeatzen dituenak abantailatxoa izatea. Elkarrekin gehiagotan osatu dute bikotea Mendizabal-Elguezabalek, Ezker Hormako Kutxa Sarian ere jokatu izan dute batera, eta horrek agian pixka bat faboritoago bihur ditzake. Hala ere, ez dago jakiterik horrek zenbaterainoko eragina izan dezakeen. Beraz, joko ona eta partida bizia irtetea espero da.

 

Final nagusian ere ez dago faboritorik izendatzerik. Ligaxkan eta finalerdietan porrotik jaso gabe daude bi bikoteak, hasiera-hasieratik euren hautagaitza plazaratu eta bikain eutsi diote jardunaldiz jardunaldi.  Gainera, laurek partida asko jokatu dituzte elkarren kontra, oso ongi ezagutzen dute elkar, eta ez da erraza izango aurkariak ezustean harrapatzea. Kasu honetan ere urduritasunari patxadarekin erantzutea eta amaierara arte tentsioari eustea garrantzitsuak izan litezke balantza nora desorekatu erabakitzeko orduan. Beraz, gehien asmatu eta estrategia nahi bezala gauzatzen duen bikoak txapelera hurreratzeko aukera handiagoa izan dezake.

 

Beraz, emozioa eta irabazi nahia puri-purian izango dira larunbatean.

 

Informazio gehiago webgune honetako Lehiaketa eta Kartelera ataletan, eta www.blogak.com/emakumeapilotari. Galeria atalean, berriz, txapelketako argazkiak ikusgai daude.

 

 

 










Ir arriba