V. Emakumea Pilotari Eguna, larunbatean, Iruran

2011/05/26 | Ikastaroak

Larunbatean, maiatzak 28, ospatuko da, Iruran, V. Emakumea Pilotari Eguna. Bertan elkartuko dira, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak 2004tik martxan duen Emakumea Pilotari proiektuaren baitan, aurtengo ikasturtean emakumeen 20 urtetik gorako paleta ikastaroetan aritu diren emakumeak. Ikastaroetan ibilitako 80-90 lagun inguru izango dira bertaratuko direnak, guztira ikasturtean parte hartu dutenen erdiak, gutxi gorabehera.

 

Azken festa honetan, besteak beste, Emakumezkoen Gipuzkoako IV. Txapelketa Herrikoia jokatuko da. Herri bakoitzak bere ordezkaritza izango du txapelketa honetan; zehazki, 9 bikote lehiatuko dira: Azkoitia, Azpeitia, Donostia, Hernani, Ibarra, Oiartzun, Tolosa, Zarautz eta Zizurkil. Bikote hauek 3 multzotan banatuko dira; multzo bakoitzean ligaxka jokatuko dute denek denen aurka, eta lehendabiziko sailkatuek finalerdietara pasatuko dira, bigarren sailkatuen arteko onenarekin batera.

 

Txapelketaz gain, hala ere, paleta saioa ere izango da. Pilotalekua sei gunetan banatu eta hainbat joko egoera landuko dituzte bertaratutako emakumeek. Saio honetan 80 batek parte hartzea aurreikusten da. Saioa amaitu ostean txapelketa herrikoiko azken fasea jokatuko da: finalerdiak eta finala. 

 

Bazkaria eta trikitilariak ere ez dira faltako ikasturteko lana merezi bezala ospatzeko, eta ezta oroigarriak ere.

 

Emakumea Pilotari Egunari hasiera 10:00ak aldera emango zaio, emakumeen iritsierarekin, eta 20:00ak aldera arte luzatuko da festa. Jarraian, egitarauan, zehatzago agertzen dira ekintzak eta ordutegiak:

 

- 10:00- 10:20: Irurako frontoira iritsi eta saiorako prestatu. Partida jokatu behar dutenek beroketa.

- 10:30-11:45: Emakumezkoen Gipuzkoako IV. Txapelketa Herrikoia. Ligaxka. 

- 11:45-12:00: Beroketa.

- 12:00-13:00:  Saioa, 6 gunetan.

- 13:15-13:40:  Emakumezkoen Gipuzkoako IV. Txapelketa Herrikoia. Finalerdiak. 1. finalerdia: A1 / B2; 2. finalerdia: B1/ A2. 

- 13:45: Emakumezkoen Gipuzkoako IV. Txapelketa Herrikoia. Finala.  

- 14:00: Oroigarri eta sari banaketa.

- 15:00: Bazkaria eta parranda trikitilariekin. 

- 20:00: Itzulerako autobusaren irteera.

 

 

 










Ir arriba