Azpeitia eta Oiartzun, 2021eko Eskuzko Herriartekoaren txapelaren bila

2021/06/23 | Lehiaketa

Larunbatean jokatuko dute finala, 16:30ean, Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan; zale gutxi batzuek izango dute frontoira sartzeko aukera, eta finala zuzenean eskainiko du Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak, ondorengo estekan: https://youtu.be/jeS878DUa-0

Azpeitia vs Oiartzun. Hauxe izango da 2021eko Gipuzkoako Herriarteko Eskuzko Txapelketako finala. Larunbatean neurtuko dituzte indarrak bi herriek, 16:30etik aurrera, Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan

16 herri lehiatu dira autengoan eskuz: Aduna, Alegia, Amezketa, Andoain, Aretxabaleta, Astigarraga, Ataun, Azkoitia, Azpeitia, Bergara,Bidania-Goiatz, Hernani, Oiartzun, Oñati, Tolosa eta Zestoa. Eta Azpeitiak eta Oiartzunek lortu dute kanporaketa guztiak gainditu eta finalerako sailkatzea.

Azkenean, gainera, zaleak frontoian direla jokatu ahal izango da finala, aforo eta segurtasun neurriak jarraituz bada ere. Dena den, eta asko eta asko kanpoan geldituko direla jakitun, finala zuzenean eskainiko du Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak, Akhonmedia produktorearekin elkarlanean, youtube bidez; hauxe da, hain zuzen ere, Herriarteko Eskuzko Txapelketako finala zuzenean jarraitzeko estekahttps://youtu.be/jeS878DUa-0

 

 

 

Hauxe da aurreikusitako jaialdia:

 

Ekainak 26, larunbata, 16:30, Idiazabal-Igarondo

 

1. Kadeteak:
AZPEITIA (Odriozola-B.Labaka-U.Egiguren) / OIARTZUN (Zabaleta-Landa-Leonet-Etxeberria-Mitxelena)

2. Jubenilak:
AZPEITIA (I.Egiguren-J.Labaka-Elosegi) / OIARTZUN (Olaiz-Aburuza-Mitxelena-Aranburu)

3. Nagusiak:
AZPEITIA (Alberdi-Murgiondo-Uzkudun) / OIARTZUN (A.Ugalde-I.Ugalde-Salaberria)

 

 

 

Ondorengo pilotariek osatu dute Azpeitiko taldea: Unai Alberdi, Oier Apezetxea, Aimar Egiguren, Urtzi Egiguren, Iker Egiguren, Jakes Elosegi, Beñat Ezama, Beñat Labaka, Josu Labaka, Haritz Larrañaga, Oier Larrañaga, Aner Lizaso, Dani Murgiondo, Eneko Odriozola, Iker Otaegi, Josu Uzkudun eta Haritz Zubimendi.

Eta honakoek ordezkatu dute Oiartzun: Xabier Aburuza, Mikel Aranburu, Haitz Aranburu, Aimar Arruti, Xabat Eskudero, Egoitz Etxabe, Oihan Etxeberria, Ekain Etxeberria, Ibai Etxeberria, Unax Landa, Mikel Leonet, Ibai Mitxelena, Ekain Mitxelena, Xabat Olaiz, Ekaitz Salaberria, Iker Ubiria, Andoni Ugalde, Imanol Ugalde, Iñigo Ugalde, Oier Zabaleta eta Eneko Zalakain.

 

 

 

Astigarraga (azken edizioko -2019- txapelduna; Azpeitiari irabazi zion, gainera) eta Alegia gelditu dira aurten finalaren atarian. Astigarragak 3na berdin du zuen Azpeitiarekin finalerdietan, baina aldeko tanto kopuruak eman zien finalerako txartela azpeitiarrei (joanekoan 2-1 irabazi zuen Azpeitiak: 22-2, 5-22, 22-14; eta itzulerakoan 2-1 Astigarragak: 7-22, 22-13, 22-17). Eta Alegiak 0-6 galdu zuen Oiartzunen kontra (joanekoan 0-3 galdu: 0-22, 16-22, 5-22; eta itzulerakoan ere 3-0: 22-8, 22-3, 22-13).

 

 

 

Herriarteko Eskuzko Txapelketaren 53 edizioetatik Azpeitiak 43 alditan hartu du parte, eta Oiartzunek 37 bider.

Azpeitiak 11 final jokatu ditu torneo honetan, larunbatekoarekin 12.aHorietatik, 7tan jantzi du txapela: 2004an (Hernaniren aurka), 2008an (Donostiari irabazita), 2010ean (Hernaniri), 2015ean (Tolosa mendean hartuta), 2016an (Astigarragaren kontra), 2017an (Oiartzunen aurka) eta 2018an (Atauni nagusituta). Eta beste 4tan izan da txapeldunorde: 1995 eta 1996an (bietan Azkoitiak irabazi zuen), 2007an (Arrasaterentzat txapela) eta azken edizioan, 2019an (Astigarraga nagusitu zen). 

Oiartzunek 3 final jokatu ditu Herriartekoan, aurtengoarekin 4.a. Txapel 1 du irabazita: 2013an (Tolosaren aurka). Eta 2 aldiz izan da txapeldunorde: 2014an (Donostiak irabazi zuen) eta 2017an (Azpeitiaretzat txapela).

 

 

 

Bi herriek behin besterik ez dituzte neurtu indarrak final batean. 2017an izan zen hori, hain zuzen ere. Azpeitiak jantzi zuen orduan txapela, 3-0 irabazita (22-17, 22-7, 22-5). Ikusteko dago oraingoan zer gertatuko den, eta hasiera batean oreka handiko jaialdia espero da.

 

 

 

Txapelak aipatuz, Azkoitia da nagusi Herriarteko Eskuzko Txapelketan, 16 baititu (beste 6 aldiz izan da txapeldunorde). Segidan dira Azpeitia, 7 txapelekin (4 bider azpitxapeldun); Donostia, 6rekin (4tan txapeldunorde); Hernani, 5ekin (6tan bigarren); Segura, 4rekin (4 aldiz azpitxapeldun); Arrasate, 3kin (inoiz ez da txapeldunorde izan); Bergara, Zumarraga eta Idiazabal, 2rekin (hurrenez hurren, 2, 2 eta 0 bider azpitxapeldun); eta Usurbil, Amezketa, Oiartzun, Astigarraga eta Soraluze, txapel banarekin (bigarren 3, 3, 2, 2, 1 eta 0 aldiz, hurrenez hurren). Ondorengo herriek txapelik ez dute, baina txapeldunorde izan dira Herriartekoan: Oñati, Zestoa, Tolosa, Urretxu, Beasain, Irun, Aretxabaleta, Lasarte-Oria, Berrobi eta Ataun (Oñati 4 aldiz izan da azpitxapeldun, Zestoa 2tan, Tolosa 3 bider, eta gainontzeko guztiak behin).

 

 

 

Webgune honetako Lehiaketa-Federatua-Herriartekoa atalean dago eskuragarri txapelketaren inguruko informazio guztia.

 

 

 

Zorte on denoi eta ikuskizun eta pilota festa aparta izan dezagula!

 

 

 






Ir arriba