Abian diren lehiaketa ofizial guztiak behin-behinean bertan behera utzi ditu GEPFk

2020/10/27 | Lehiaketa

Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren harira hartu du erabakia Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak; Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketari eta Enrique Abril Errebote Txapelketari eragingo die neurriak; Eusko Jaurlaritzak baimena eman bezain pronto berrekingo zaie lehiaketei

Eusko Jaurlaritzak urriaren 26an argitaratutako 36/2020 dekretuak honela dio bere 14.1 puntuan (albiste honi erantsita; eranskinetan kontsulta daitezke, era berean, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren jarraibideak):

 

 

 

Taldeko edozein kirol-jarduera eten egiten da. Bakarka bakarrik egin ahal izango da kirola. Salbuetsita daude gimnasioetan programatutako ikastaroak edo jarduerak, betiere maskara erabilita, bai eta lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak ere.

Talde federatuen edo eskolakoen kirol-entrenamenduak baimenduta daude, seiko taldeetan.

Eten egiten da profesionala edo erdi-profesionala ez den talde federatuen lehiaketa, bai eta 2007. urtean eta hurrengoetan jaiotako ikasleek parte hartzen duten eskola-kiroleko lehiaketak ere, hau da, eskola-orduetatik kanpo eta eskolatze-aldian (16 urtera arte) ikastetxeetan, kirol-instalazio publikoetan edo pribatuetan (kirol-klubetan, esaterako) egiten diren kirol-jarduera antolatuak.”

 

 

 

Hori horrela, Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak (GEPF) abian diren lehiaketa ofizial guztiak behin-behinean bertan behera uzteko erabakia hartu du. Neurri honek Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketari eta Enrique Abril Errebote Txapelketari eragingo lieke, zehazki.

Eusko Jaurlaritzak baimena eman bezain pronto, lehiaketei berrekingo zaie.

 

 

 










Ir arriba