Bukatu da Gipuzkoarentzat Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketa

2020/09/22 | Lehiaketa

Bere multzoan hirugarren sailkatu da, eta ez du lortu finalerdietara pasatzea

Aurtengoan ez, ez dira finalean izango. Bukatu da gipuzkoarrentzat Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketa. Pasa den asteburuan (2020-09-20) jokatu zuten ligaxkako azken jardunaldia, eta ez dute lortu hurrengo fasera pasatzea.

 

 

 

Txapelketaren edizio guztietan iritsi da Gipuzkoa finalera (bosgarren edizioa da aurtengoa), baina ez du txapelik janzterik lortu: lehendabizikoan Lapurdi 1ek irabazi zion, eta bigarrengoan, hirugarrengoan eta laugarrengoan Bizkaia nagusitu zen. Bosgarren edizioan, zoritxarrez, ezin izango du lehiatu finalean egoteko. Bere multzoan hirugarren sailkatu da, eta lehendabiziko bientzat ziren finalerdietara pasatzeko txartelak.

 

 

 

Ligaxka bukatuta, honela gelditu da sailkapena

 

A MULTZOA

  1. Bizkaia 1, 6 puntu
  2. Iparralde-Amikuze (Nafarroa Beherea), 5 puntu
  3. Gipuzkoa, 4 puntu
  4. Iparralde-Senpere 2 (Lapurdi), 3 puntu
     

B MULTZOA

  1. Bizkaia 2, 4 puntu
  2. Iparralde-Senpere 1 (Lapurdi), 3 puntu
  3. Iparralde-Itxasuarrak (Lapurdi), 2 puntu

 

 

 

Gauzak horrela, Bizkaiko eta Iparraldeko taldeak izango dira aurrez aurre finalerdietan, datorren asteburuan (2020-09-27), Berrizen (Bizkaia): Bizkaia 1 eta Iparralde-Senpere 1 batetik, eta Bizkaia 2 eta Iparralde-Amikuze bestetik.

 

 

 

Pilotari hauek ordezkatu dute Gipuzkoa V. Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketan: 
 

  • Andoni Zabala Lekuona (Txost)
  • Ekaitz Lasa Irastorza (Txost)
  • Iban Jauregi Erkizia (Txost)
  • Iñaki Esnal Aizpurua (Txost)
  • Jon Ander Esnaola Lizaso (Txost)
  • Julen Chiapuso Nosellas (Eple)
  • Xabier Azpiroz Ibarguren (Eple)
  • Julen Iribar Arruti (Izurun)
  • Iñigo Ugalde Muguruza (Oiarpe)
  • Imanol Ugalde Muguruza (Oiarpe)
  • Jon Urbieta Otaegi (Behar Zana)

 

 

 

Bote Luzea Euskal Herriko eta Europako pilota-joko modalitate bat da, joko zuzenen arteko zaharrena, eta ondoren sortu direnen oinarria eta funtsa. Euskal Herrian galdua bazegoen ere, azken urte hauetan berreskuratze prozesu batean sarturik dago.
 
Bi taldeak aurrez aurre jartzen dira eta ez da pilota hormaren kontra joz jokatzen. Talde bakoitza zortzi pilotariz osatua dago; bost kantxaratzen dira eta aldaketak egitea onartua dago. 60 metro inguru luzerako eremutan aritzen dira pilotariak, normalean estalirik gabeko plazetan, eta helburua aurkariari eremua irabaztea da. 

 

 

 

Informazio gehiago, gure webguneko Lehiaketa-Selekzioa-Bote Luzea-Bote Luzea nagusiak atalean, eta Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren webgunean: www.euskalpilota.org.

 

 

 










Ir arriba